Julen Mendoza-rekin batera garatutako Goierri eskualdean landutako kosorkuntza prozesua Mariana Mazzucato ekonomialariaren “Misioek gidatutako berrikuntza” proposamenean oinarritzen da. Ikuspegi horren arabera, erronka bakoitzarentzat misio bat markatzea proposatzen da, ortzi muga izan litekeena. Konkretuki, eta Mazzucatok dioenaren bidetik, ezaugarri hauek izan beharko lituzkete misioek:
- Inspiratzaileak izan beharko dute, motibagarriak.
- Espezifikoak (helburu argi batekin), neurgarriak eta denboran mugatuak.
- Anbiziorik gabeko misioak ez dira motibagarriak, baina errealistak ez direnak ere atxikipena eragotzi dezakete. Beraz, anbiziodunak baina errealistak beharko dute.
- Sektore anitzak bildu beharko dituzte beregan, ikuspegi sistemikoa bereganatuz.
- Behetik gorakoak izan beharko dute, gizarteko eragile ezberdinekin partekatu eta batera sortutakoak.
Metodologia horren planteamenduak lan-logika berri bat dakar, gizarteak dituen erronkak ebazteko. Erronkei aurre egiteko, planteamendu, irtenbide eta estrategia berriak formulatzeko, ikuspegi irekia, dinamikoa eta lankidetzakoa erabiltzea eskatzen du, eta esplorazio-, esperimentazio- eta ikaskuntza-prozesuan erronkei lotutako erakunde publikoak, pribatuak, eragile komunitarioak zein ezagutza eragileak partaide egin behar dira.
Behin misioak definituta, misio horietara heltzeko portfolioa sortzea izan da helburua, misio horrekin harremanduta dauden eragile ezberdinen kosorkuntzaren bidetik.
Horrez gain, Misioetara bideratutako berrikuntzaren metodologiak ezartzen du diziplina arteko berrikuntza, sektore artekoa eta eragile artekoa sustatu behar dituela. Horretarako, elkarrekin sortzeko elkartzeko modu eta espazio berriak sortzea proposatzen du, hainbat sektore eta eragile biltzen dituzten helburuetan arreta jarriz.
Prozesu ikuspegia
Misio bakoitza lantzeko prozesuaren oinarriak bi ezaugarri nagusi ditu: batetik, erabiltzailearen beharretan du oinarria (gure kasuan herritar edo eragileen beharretan); eta, bestetik fase bakoitzean bi ikuspegi lantzen dira, dibergentea (sortzailea, esplorazioa) eta konbergentea (garapena edota prototipazioa). Hauek dira jarraitutako urratsak:
- Misioak definitu
Misioaren definiziora iristeko, ikertu, hausnartu eta gakoak identifikatu beharko ditugu. Azken finean, eremua ulertu beharko dugu, eremu horretarako eragileei entzun eta eremuaren inguruko esplorazioa (kuantitatiboa ere) egin beharko da, partekatutako misioaren definiziora iristeko.
Ezinbestekoa izango da aurretik erronka horiek kokatzen diren eremuan dauden eragileak ezagutzea, mapatzea egitea (nor eta zertan dagoen ezagutzea). Baina informazioa horrez gain, eragile horiek antzematen dituzten aukerak eta erronkak ezagutu beharko ditugu elkarrizketen bidez, eremuan aurrera egiteko ditugun heldulekuak eta aukerak ezagutzeko. Lehen fase ireki horren ostean, informazio guztiaren sintesia etorriko da, esploraziotik erauzitako gakoetan oinarrituta elkarrekin sortutako misio baten erredakziora iristeko helburuarekin. Hasieratik misioa partekatua izan dadin, garrantzitsua da ahalik eta eragile gehien engaiatzea prozesura, eta ahalik eta ikuspegi anitz eta desberdinekin bat egitea. Misioan, kontuan hartu beharko dugu misio zehatz eta argia izatea, neurgarria, errealista (baina, aldi berean, anbiziokoa) eta sektore arteko ikuspegia izatea.
- Ko-sorkuntza, prototipazioa
Misioa osatzeko, eragile desberdinek osatutako kosorkuntza espazioak sortuko dira, ideia berriak sortzeko, eta balizko portfolio batera iristeko (proiektuen multzoa). Adostutako misioari begira, ideiak sortzea izango da hurrengo urratsa. Askotariko eta maila desberdinetako ideiak sortzea izango dugu helburu, horietatik proiektu posibleetara iristeko. Proiektu edota prototipo horiek mota desberdinetakoak izango dira: batzuk aurretik ezagutzen ditugun proiektuak izango dira, eremu berrietan erabiltzeko, beste batzuk proiektuen arteko sinergietatik sortu ahalko dira, eta, azkenik, erabat esperimentalak diren proiektuak izango ditugu (berrikuntza maila altuena dutenak). Horrela, proiektu-kartera edota portafolio batera iritsiko gara. Proiektu edota prototipo bihurtzeko ideietatik lanketa sakonagoa egin beharko dugu eta horiek definitu beharko ditugu.
- Implementazioa
Hortik aurrera prototipo edota proiektuen inplementazioa abiatuko da. Behin proiektu-multzoa definituta dugula, aztertu beharko dugu horiek aurrera ateratzeko zer finantzazio-aukera dauden (baliteke horietako batzuk dagoeneko eremuan dauden eragileen jardueran txertatu ahal izatea, baina beste batzuentzat finantzazio gehigarrietarako aukerak arakatu beharko dira). Horrekin batera, proiektu horien finantzazio eta garapenean lidergoa izango duten eragileak (edota eragile-multzoak) identifikatzea gako izango da. Proiektuen planifikazio, segimendu eta ebaluazio-sistemak (eta adierazleak) finkatu beharko ditugu.
Jarraian, azaldutako prozesua azaltzen duen irudia jasotzen da:
Informazio gehiago: https://www.vinnova.se/en/m/missions/