Programen ebaluazioaz ari garenean, kontuan hartu behar dugu, edozer esku-hartze egiten dugunean bezala, metodologia edota erreminta aukeratu baino lehen argi izan behar dugula tresna horren atzean dagoen ikuspegia. Ebaluazioan ere, badaude ikuspegiak, noski. Hauek dira Clear Horizon aholkularitzak (eraldaketa-prozesuen diseinuan eta ebaluazioan espezializatutakoa) proposatzen duen sailkapena:
- Esperimentazio ikuspegia: ebaluazioa ezagutza sortzeko ikerketa-lan gisa irudikatzen du ikuspegi honek. Hortaz, programaren ebaluazioak programaren egoera bati buruzko ezagutza sortzea du helburu, eta ezagutza hori datu enpirikoen bidez berretsi nahiko du.
- Erabileran zentratutako ikuspegia: erabileran zentratutako ikuspegiak ezagutza sortu baino helburu praktikoa du: erabakiak eraginkortasunez hartu ahal izatera bideratua dago ebaluazioa, eta, hortaz, ondorioetara iritsi nahiko du erabakiak hartu ahal izateko.
- Helburuak testatzeko ikuspegia: ebaluazioa programaren helburuekin lotuta egongo da, eta, hortaz, ebaluazioak proposatzen dituen bideak programaren helburuak lortu diren ala ez jakitera bideratuko dira.
- “Zehaztasuna” bilatzeko ikuspegia: ebaluazioa programa baten merezimenduaren edo balioaren neurtzera bideratua dago, hau da, ebaluazioa epaiketa edota proba moduko bat izango da, eta arreta berezia jarriko du zehaztasunean, edota, kontrara, zehaztasun falta bilatzen duena.
- Ikuspegi pluralista: ebaluazio mota honetan ebaluatzaileak mediadore edota fazilitadora rola hartzen du. Ebaluazioan ikuspegi desberdinak egotea bilatzen da, pertsona izaten dute ardatz eta errealitatearen ikuspegi anitza jasotzea bilatzen dute. Ikuspegi pluralistak ikuspegi logiko positibistaren mugak gainditu nahi ditu, eta, esperimentazio ikuspegian bezala, ezagutza sortzeko helburua du.
- Teoriara bideratutako ikuspegia: ebaluazio mota honetan ebaluatzaileak zientzialari sozial roletik hurbil dago. Ebaluazioa programaren eredu teorikoa eraikitzera bideratzen da, programaren funtzionamendua azaldu nahi duena.
Garapenaren ebaluazioa (Ebaluazio ebolutiboa)
Azkenaldian, eta batez ere gizarte berrikuntza prozesuen testuinguruan, gero eta ohikoagoa bilakatu zaigu Ebaluazio ebolutiboa edota Garapenaren ebaluazioa terminoa entzutea. Lehen aipatutako ikuspegien artean, ikuspegi pluralistaren artean kokatzen da eta gizarte berrikuntzan dihardutenei ingurune konplexu edota zalantzazkoetan gizarte-aldaketarako ekimenak garatzen lagundu nahi die.
Besteen artean, Michael Quinn Patton, lankidetzako proiektuetan diharduen aholkulari independentea, dugu mota honetako ebaluazioari buruz lanketa gehien egin dituena. Berak honela ezaugarritzen du garapeneko ebaluazioa:
- Garapenaren ebaluazioak ingurune dinamikoetan berrikuntza eta egokitzapena garatzen lagundu nahi du.
- Garapenaren ebaluazioa datuak bildu eta interpretatzeko prozesuan, programaren garapenean eta esperimentazioan integratutako barne taldearen funtzio gisa kokatzen da.
- Ebaluatzailea kontrolik ezari erantzuten ikasten saiatzen da; garatzen ari denarekin harremanetan egon nahi du, eta horren arabera erantzuten saiatzen da.
- Garapenaren ebaluazioak berrikuntza balioetan eta eraldaketa bat sortzeko konpromisoan du oinarri. Eraldaketarako aukerak antzematen jartzen du arreta.
- Segimendurako neurriak eta mekanismoak garatzen ditu emaitzak sortu ahala; egitekoak aldatzera bideratzen da, prozesua garatu ahala egokitzen joateko.
- Atzeraelikadura modu desberdinak eta erabilerrazak bilatu nahi ditu; ebaluazioaren helburua ikaskuntza sustatzea da.
- Malgutasun metodologikoa, eklektizismoa eta moldagarritasuna bilatzen ditu; pentsamendu sistemikoa.
Noiz erabili Garapenaren ebaluazioa
Garapenaren ebaluazioa egoera hauetan da bereziki baliagarria:
- Egoera ezezagunetan, ingurunea etengabe aldatzen ari denean da baliagarria.
- Ebaluazioaren helburua zerk funtzionatzen duen eta zerk ez duen funtzionatzea denean, aldaketarako bide-orri zehatza zehaztu baino.
- Anitzen arteko lankidetza dugunean, interesdun edota sektore anitzekoen artekoa.
Funtsean, Garapenaren Ebaluazioa egokiagoa da ingurune konplexuetan lan egiten denean, aldaketa ez-lineala da eta aurreikusi ezina denean. Baina nahiz eta Garapenaren Ebaluazioa batez ere ikaskuntza eta programaren inguruko kudeaketa-erabakiak hartzera bideratua dagoen, Garapenaren Ebaluazioa ere bideratu daiteke interesdunei kontu ematera.
Informazio gehiago:
- Clear Horizon: https://www.clearhorizon.com.au/
- Agirre Lehendakaria Center. https://www.agirrecenter.eus/eu/berriak/garapenaren-ebaluazioa.html
- Developmental evaluation, Australian Institute of family studies: https://aifs.gov.au/resources/practice-guides/developmental-evaluation
Irudia: Freepik