#Arantzazulab eta Beta-ren artean idatzikoa.
Egiten ditugun esku-hartze guztietan (prozesu moduan formulatu zein egitasmo gisa izendatu), ebaluazioa egiten dugun hori (edota eragin nahi dugun hori) hobeto ulertu zein horren emaitza neurtzeko ezinbestekoa dugu.
Lan munduan, edota eremu ekonomikoan, ohikoak dira adierazle-sistemak eta aginte-koadroak, kuantitatiboak gehienetan. Kasu horietan, adierazle horiek egiten dugun horrekin hertsiki lotuta egoten dira, eta nolabaiteko ikuspegi ekoizlea dute, hau da, sortzen dugun hori neurtzen dute. Sistema horiek nekez begiratzen diote inguruko komunitatean sortzen duten eraginari. Balantze sozialak hein batean behar horri erantzun nahi dio, eta kontabilitatearen parametroak irakurtzen ditu enpresaren kokalekua den komunitate horretan enpresaren aktibitateak duen eragina kuantifikatzeko. Sistema horrek ikuspegi erabateko ekonomizista du, noski. Aipatutako sistemaren aldaerak ditugu egitasmo kulturaren “eragina”-ren berri ematen diguten neurketek (normalean, kasu horietan ere, termino ekonomikoetan ematen dira datu horiek).
Aski ezaguna zaigu ordea, gizarte eraldaketako prozesuez ari garenean, esku-hartzea pertsona talde batekin elkarrekintzan gauzatzen denean, adierazle kuantitatiboak nahikoa ez izatea emaitza neurtu nahi dugunean. Gero eta ohikoagoa bilakatu zaigu “inpaktua” hitza, gure jardueren oihartzunaz ari garenean. Kasu horietan badakigu eraldaketak luzeak izaten direla denboran, eta, kasu gehienetan kultura aldaketa bat suposatzen dutela. Modu berean, gizarte eraldaketako prozesuetan, Garapenaren ebaluazioa edota Ebaluazio ebolutiboa terminoa entzuten hasi gara,horietan zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ulertzeko, eta ikasitakoaren arabera beharrezko aldaketak identifikatu eta gauzatzeko.
Gizarte eraldaketako prozesuek esku-hartzea egiten den komunitatearengan aldaketa bat eragin nahi dute, eta, ikuspegi bikoitza dute: esku-hartzearen bidez elkarrekin garatzen diren ekintzena batetik; eta, prozesuan parte hartzen duten pertsonen begiradarena, bestetik. Bigarren ikuspegiari heltzeko, hau da, pertsonengan sortzen den eragina neurtzeko, ikerketa-modu kualitatiboetara jo behar dugu ezinbestean. Gero eta ohikoagoak ditugu neurketa kualitatiboak gizarte eraldaketako prozesuetan, baina, esan dezakegu gizarte eraldaketako prozesuen ebaluazioa oraindik ere ebatzi gabeko erronka dugula.
Artikulu honetan, gizarte eraldaketako prozesu baten inpaktuaren ebaluazioaren adibidea azalduko dugu ebaluazioa egiteko erabilitako moduan arreta jarriz, labur.
Ebaluazio-ariketa Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek sustatzen duten Hitzetatik Ekintzetara programaren 2023ko edizioan kokatzen da. Hitzetatik Ekintzetara-ren helburua da pertsonei eta erakundeei beren gizarte- eta ingurumen-konpromisoa aktibatzea eta Agenda 2030erako bidean inplikatzea. Gizarte anonimoaren inplikazioa lortzeko ibilbidea da, herritarrei eragiten dien kezka jakin baten inguruan. Hirugarren sektore ekosozialarekin batera diseinatu da, eta herritarrekin nahiz eragile eta gizarte-mugimenduekin gauzatzen da.
Aipatutako programaren ebaluazioa bere aldaketaren teoriatik abiatzen da, hau da, esku-hartzeak bilatu nahi duen edota eragin nahi duen aldaketatik. Aldaketaren teoriak epe luzeko inpaktua (outcome) irudikatzen du, baita bitarteko epe motzeko inpaktua (output), eta horretara iristeko ekintzak.
Irudia. Hitzetatik ekintzara programaren aldaketaren teoria
Inpaktuaren ebaluazioa egiteko topatzen dugun lehen zailtasuna epe luzeko inpaktua neurtzeko zailtasunarena da:
- Inpaktu luzeak (outcome) denbora serie luzeak eskatzen ditu. Ez ditugu eredu asko epe luzeko inpaktua neurtzeko, serie luzeko ebaluazioak egitea izan
- daiteke aukera bat (adibidez, 5 urtero elkarrizketatu pertsona berdinak aldaketa eragin nahi dugun faktore horien inguruan).
- Horren denbora luzean ezin dugu jakin ziurtasunez sustatutako ekintza izan den ondorio horren erantzule bakarra (seguruen beste hainbat faktoreek eragingo zuten).
Hortaz, lehenik eta behin, onartu behar dugu egindako ebaluazio-ariketa output adierazleetan dagoela oinarrituta (epe motzeko inpaktua jaso da), baina epe luzeko inpaktura hurbiltzeko tendentziak zertzelatzera besterik ez dela iritsi, hau da, une honetan, epe luzeko emaitza horri begira somatu ditzakegun trazak jaso direla.Output horiek lortuz gero outcome horietara iritsiko ginateke.
Datuak edota informazioa jasotzeko orduan, iturri kuantitatiboak eta kualitatiboak uztartu dira. Kualitatiboen kasuan, elkarrizketa erdiegituratuak eta behaketa erabili dira. Batetik Elkarrizketa erdi egituratuek aukera ematen dute pertsonen pertzepzioa modu irekian jasotzeko, baita erabiltzen diren diskurtsoak ere. Behaketak pertsonek espazioa eta esku-hartzearekin duten erlazioa ulertzeko aukera errazten dute.
Esan bezala, inpaktua neurtzeko modu kuantitatibo eta kualitatiboek (modu mistoek, nolabait), bide interesgarria zabaltzen dute, baina, badituzte oraindik hainbat aukera eta erronka:
- AUKERAK, IKASKETAK
- Gizarte eraldaketako prozesuetan pertsonengan duten eragina (inpaktua neurtu nahi badugu), ezinbestean ikerketa-modu kualitatiboetara jo behar dugu.
- Datu kuantitatiboak eta kualitatiboak uztartu behar ditugu.
- Ebaluazioa esku-hartzean integratu behar dugu, aparteko elementu bat izan ez dadin, eta prozesutik etengabe ikasi eta prozesua bera definitzeko baliatu behar dugu.
- Ebaluazioa esku-hartzearen hasieratik planifikatuta egotea komeni da.
- Esku-hartzean parte hartzen duten eragileen artean, ebaluazioarekin lotutako rolak hasieratik esleituta izatea garrantzitsua da.
- ERRONKAK
- Epe luzeko eraldaketak neurtzeko informazio-iturriak gutxi dira, eta ikasketa-esperientzia gutxi daude horren inguruan.
- Datu kuantitatiboak eta kualitatiboak integratzeko edota osatzeko kontrasteen esperientziak falta ditugu (nola egiten dute bat? Nola ematen diegu zentzu bateratua?).
- Ebaluazioa egiteko modu arinagoak behar ditugu, beste modu batzuk esploratu prozesuan modu errazagoan integratu daitezen.
- Hasieratik planifikatua badago ere, esku-hartzea faktore askoren eraginpean daude eta denborarekin alda daitezkeela ulertu behar dugu. Ikasitakoaren arabera, aldaketak identifikatu eta horren baitan moldatzeko.