Plan estrategikoak, eta bereziki kudeaketa-planak, izan dira azken urteetan, eta gero eta gehiago, euskara teknikarien lan tresnak. Aurrerantzean ere izan beharko dute, baina azken urteetan gero eta maizago eta gero eta toki desberdin gehiagotatik iristen ari dira hizkuntza normalizazioa batez ere gizarte eraldaketa prozesu sakon bat dela baieztatzen duten ikuspegiak eta hori gobernatzeko, kudeaketaren ikuspegitik haratago, beste tresna batzuk prestatu behar direla azpimarratzen duten iritziak.
Gizartea etengabe ari da eraldatzen, jarraitzen du eraldatzen eta jarraituko du gero ere, eta gakoetako bat da euskara eta euskalgintza (instituzionala zein soziala) hurrengo eraldaketa prozesu horrekin konektatuta joatea, besteak beste, esan dugun modura, hizkuntza normalizatzeko prozesua bera ere gizarte eraldaketa prozesu sakon bat baita.
Urteak dira euskalgintzatik euskara bidegurutze batean dagoela esaten dela eta erakunde instituzional eta sozialak hori gainditzen saiatzen ari dira. Egoera berriek politika, tresna eta egiteko modu berriak eskatzen dituzte eta horretarako egokitzeko gaitasuna behar da, baita euskara zerbitzuetan ere.
Horrenbestez, beste esparru askotara bezala, euskara zerbitzuetara ere iritsi da berrikuntza beharra eta, gai horri heldu eta hausnarketa prozesu baten ondoren, «Etorkizuneko Euskara Zerbitzua» izeneko dokumentua landu da Jaurlaritza, GFA, BFA, AFA, Donostiako Udala, Lasarte-Oriako Udala eta Agirre Lehendakaria Centerrekin batera.
Testuinguru horretan premiazkoa da euskara zerbitzuen osaeraz eta euskara teknikarien rolaz ere hausnartzea. Orain arte euskara zerbitzuetan lanean aritu diren asko eta asko erretirotik hurbil daude eta profil jakineko pertsonak izan dira. Alabaina, erantzun egokia eman behar zaie inoiz baino konplexuagoak diren gizarte, behar eta joko-zelaiei eta, horrenbestez, inertziak gainditu eta hainbat gairen inguruan pentsatzeko unea iritsi da. Besteak beste, erabaki beharko litzateke zein profiletako jendea izan daitekeen egokiena euskara zerbitzuetarako, euskara zerbitzuek zein antolaketa eta kokaleku estrategiko izan beharko luketen…
«Etorkizuneko Euskara Zerbitzua» dokumentuaren bitartez, gaia gizarteratu eta aldeko korrontea baliatzea izan da helburua. Euskalgintza instituzional eta sozialetik bat egiten dute aldaketa garaiak datozela aipatzerakoan eta hori elikatzera eta indarzera dator dokumentua.