Emakumeen etxeak zabalkunde handia izaten ari dira, Gipuzkoan bereziki. Zabalkunde une horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an lan prozesua abiatu zuen Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan, emakumeen etxeen lurraldeko eredua definitzeko helburuarekin. Lanketa horrek hainbat elementu barne biltzen ditu: egoeraren azterketa, nazioarteko ereduen ezagutza, unibertsitateko ikerketa-taldeen ikerketa hainbat alderdien inguruan …
Bada, Zumaian eta Eibarren egindako entzute-ariketaren emaitzak lanketa-prozesuari elementu bat gehiago gehitu dio, lanketa aberastu eta osagarritasuna bilatzeko helburuarekin.
Emakumeen pertzepzioak jasotzeko entzute-prozesuaren helburu orokorrak honako hauek izan dira:
- Hobeto ulertu emakumeek emakumeen etxeen inguruan duten pertzepzioa, aukerak eta erronkak ulertu.
- Ulermen horretatik abiatuta, emakumeen etxearen ereduari begira palanka gisa joka dezaketen aukerak antzeman eta proposamenak identifikatu.
- Emakumeen etxeen ereduaren lanketan diharduten eragileen ulermen partekatua sortzeko osagaiak sortu. Finean, honako galderei erantzun nahi izan dio lanak:
Zergatik erabiltzen dituzte emakumeek emakumeen etxeak?, edo zergatik ez dituzte erabiltzen? Zeintzuk dira erabileraren erabakiaren atzean dauden pertzepzioak, dinamikak eta balioak? Zeintzuk dira horren inguruko narratibak? Zein dira pertzibitzen diren aukerak eta erronkak?
Entzute-ariketa egiteko elkarrizketa erdi-egituratuak erabili dira eta 51 emakumeekin egin dira elkarrizketak.
Horien bidez, emakumeen etxeen inguruko narratiba nagusiak identifikatu dira, eta baita *profil etnografiko ere (3 profil).
*Profil etnografikoak ez dira estereotipoak, narratiba-blokeak baizik, eta horrela, gizartean operatzen ari diren narratibak antzekotasunaren arabera multzokatzearen emaitza dira.